Hemen zaude

Iraultzen: Euskal Telebistako LAB sail sindikala

LABeko edozein enpresatako sail sindikaleko partaide izateak bere arriskuak ditu, guztiok dakigun kontuak direla medio. Euskal Telebistan arrisku hori ez da desagertzen, are gehiago politikoki hain kontrolaturik egon den komunikabidea izanik. Beraz, eta «kontuz horrekin» bezalakoak erabili izan baldin badira, hainbat postuetan markatutako ildoari jarraitzen ez zionak kontuz ibili behar zuela bazekien. Datozen aire berriek egoera gaindituko dutela espero dezagun orduan.

Horrela, beste hainbat enpresatan gertatzen denaren antzera, ETBn ere LABeko afiliatu kopurua eta botu kopurua nahiko urrun daude, beste sindikatuen proportzioekin parekatzen dugunean batez ere. ETBn hauteskunde sindikalak egiten hasi zirenetik, gainontzeko sindikatuek eduki duten gorabeheren aurrean, LABen etengabeko gorantzako joera nabarmena da. Aipagarria hor sindikatu independenteen agerpen eta desagerpenak eta CCOOren etengabeko jaitsiera, ia desagertzear dagoelarik. Gorabehera hauen ondorioz, gaur egun Iurretako batzordearen osaketa honakoa litzateke: ELAk 5, KLB-UTCek 4, LABek 3 eta CCOOek 1; Miramongo batzordea LAB eta ELAk osatzen dute, 5 eta 4na ordezkarirekin, eta beraz, zentroarteko batzordea honela dago: ELAk 5, LABek 5, KLB-UTCek 2 eta CCOOek 1. Botu kopuruari dagokionez, azken hauteskundeetan lortutakoak hauek dira: ELAk 168, LABek 157, KLB-UTCek 80 eta CCOOek 21, guztira 600 langile inguru izanik.

Aipagarria ere batzordearen azken urteotako dinamika, non erabaki gehienak aho batez hartzen ziren, eta iazko hitzarmenaren negoziazioan batasun hori apurtuta gelditu zen. Arrazoia oso funtsezkoa zen, hau da, ordu estrak. LABeko sail sindikalak zera planteatu zuen, askotan derrigorrez egin behar izaten diren ordu estrak dirutan kobratu beharrean, aisian edo denbora librean kobratzera derrigortzen joatea, honela lanpostu gehiago sortuz, 1997an ia lau mila ordu estra kobratu baitziren, aisian zortzi mila ordutik gertu suposatu zutelarik. Eta mundu guztian txakurrak oinutsik, ETBn ere hainbatek ordu horiek kobratzeaz gain, garestiago kobratu nahi zituen. Esan beharra dago azkenean sartutako ordu estra guztiak denbora librean kobratuko direla, eta denbora libre guzti horren gutxiengo ehuneko bat kontratazioen bidez beteko direla, pixkanaka igoko dugun ehunekoa alegia.

Euskal Telebista bezalako komunikabide publiko batek, lan arazoez gain, bestelako betebeharrak sortzen ditu, eta hor LABeko sail sindikalak ere indarrak ematen ditu, zentsurari eta manipulazioari jazarpen estua eginez gehien bat. Eta gure sindikatua hain preziatua bada, tartean arrazoi asko dagoelako izango da. Aipagarria baita bere tinkotasuna eta duintasunaren defentsa irmoa, bekario eta ebentualen defentsa alegia; ordu estrei aurre egiten diegun era sendoa; soldaten arteko tarteak estutzeko joera; lanordu murrizketarantz jotzea; langileon formazioa eta segurtasunaren aldeko apustua; azken finean duintasuna, lana eta ondasunen banaketaren aldeko apustua zinez bere egiten duela, baita erredakzio kontseilu eta kode etiko baten aldarrikapena ere.

Eta ez dira horiek ETBn LAB beste sindikatuengandik bereizten dituen ezaugarri bakarrak. Hor daude ere Euskal Herrian egiten diren kanpainei ematen dien laguntza. Atxikimenduak, Preso bat EGIN bat, EGIN ta EGIN eta Bai Euskarari kanpainak edota Korrikak eta Euskaldunon Egunkariak LABen dinamizazio bizia nozitu dute. Zer esanik ez GARA sortzeko behar ziren akzioen bila ere ibili dela gure sail sindikala, eta soilik Iurretan ia hiru milioi jaso ditu. Eta Euskal Telebistako Langile Abertzaleen Batzordeak ez du aukera galdu nahi Euskal Herriko egunkari berriari ongi etorria emateko, eta Kontseiluari bere animorik handienak opatzeko.

Horrelako enpresa batean beste arazo batzuk ere agertzen dira, eta langileak Euskal Herriko ia txoko guztietakoak, lan txanda eta lanpostu ezberdinekoak direla kontutan hartzen badugu, sail sindikalaren koordinazioa ez da batere erraza. Hala edo nola moldatu behar, eta bilerak egiteaz gain, informazioa idatzirik ere eman behar izaten da, batzorde bileren laburpenak bezalakoak edo barne txostentxoak alegia. Gainera, eta informazioa era eraginkor batean hedatu asmoz sail sindikalak bere aldizkari propioa ateratzen du, gure ikuspegi ezkertiar eta abertzalea gainontzeko langileoi helarazteko asmoz, eta «LABetik atera berriak» izaten du izena. Bai eta iradokizunak eta abarrekoak jasotzeko e-mail helbide bat, etb-lab@geocities.com.

Gaur egun Euskal Herriak bizi duen unean LABek euskal telebista publikoan egundoko zeregina duela garbi du beraz.

IRAULTZEN, 2000ko abendua