Hemen zaude

JOSEBA ARRUTI: «ETB1eko albistegiek ezaugarri propioak izan behar dituzte»

ETB1en hausnarketa abiatzeko txostenean honakoa diozue: «Duela 30 urteko eredua aldatzen hasi beharra dago, zaharkitua geratu delako». Zer egin dute gaizki aurreko zuzendaritzek? 


Kontua ez da zer egin duten gaizki. Zuzendaritza guztiek egiten dituzte gauzak ondo eta gaizki. Kontua da ondo funtzionatu zuen eredua zaharkitua gelditzen joan dela urteek aurrera egin ahala. Horri ez zaio sasoiz heldu. Denborak neurtzea ere zaila izaten da. Guztiok gatoz bat ETB1 suspertu beharra dagoela, eta nahiago dut horri heldu atzera begiratzen ibili baino. 

Pauso batzuk eman dira: ETB1eko edukien zuzendari figura sortu du zuzendaritzak. Rosa Diez Urrestarazuk hartu du kargua. 

Txostenean zetozen pausoetako bat. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu ETB1eko edukien inguruan bakarrik lan egingo duen pertsona bat egotea. 

ETB1eko albistegiak ETB2koen menpeko bihurtu zirela ondorioztatu duzue. Eredu hori alda al daiteke? 

Bi eredu martxan jarri ziren EITBn: batetik, irratian Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik nork bere erredakzioa dute; telebistan, berriz, erredakzio bakarra sortu zen ETB1 eta ETB2rako. Datuak eskuetan, esan daiteke irratiaren formulak hobeto funtzionatu duela euskarari dagokionez. ETBn, ETB2 da kate nagusia, eta ETB1 menpeko kate bilakatu da. ETB1eko albistegiak bigarren mailan gelditu dira orain arte. Horri irtenbide bat bilatu behar zaio eta ETB1eko albistegiek ezaugarri propioak izan behar dituzte. Erredakzio bakarraren eredua aldatuko ez bada ere, proposamen errealista bat egin nahi dugu: astelehenetik ostiralera euskarazko iluntzeko albistegiak ezaugarri eta agenda propioak izatea. Euskaraz sortzea albistegia, alegia. 

Zineman jatorrizko bertsioan filmak ematea proposatzen duzue. ETB3n hasi dira halakoak ematen ostegun gauetan. Zergatik ez ETB1en? 

Hori ere aztertu beharko dugu. Behintzat, ETB3koa martxan jarri da. Uste dugu euskaraz ematen den zinemaren inguruan hausnarketa bat egin behar dela. Arrazoi asko tarteko, argi dago euskaraz ematen den zinemak ez duela arrakastarik lortu. Horri buelta bat eman behar diogu, eta, agian, ez dugu mimetikoki gaztelaniazko eredua kopiatu behar. Euskarak bide propioak jorratu behar ditu. Interesgarria izan daiteke filmak jatorrizko bertsioan ematea, euskarazko azpidatziekin. Horrek beste publiko bat erakar dezake, eta, bestetik, munduan barrena oso formula erabilia da. Emaitzak, direnak direla, ez dira gaur egungoak baino txarragoak izango. 

Marrazki bizidunak ETB1etik ETB3ra pasatu dira. Nafarroan, bihartik hasiko dira deskonexioan marrazkiak ETB1en ikusten. Baina ETB3 ezin da ikusi Nafarroan. 

EITBk bokazioa du Nafarroan ere egoteko eta Nafarroa ere aintzat hartzeko. Euskarazko edukiak Nafarroan ikustea garrantzitsua da, kultur eta hizkuntza ikuspuntutik. Baina hori gobernuen arteko negoziazioan dago. 

ETB4, azkenean, ez da kirol katea izango. Beraz, kirola ETB1en geldituko da. Kirol asko egoteak, tartean euskal talderik gabeko bigarren mailako partidak, egiten al dio mesederik euskarazko telebistari? 

Ikus-entzuleak dituen edozein produktuk mesede egiten dio euskarazko telebistari, telebista publikoa garela kontuan hartuta. Kirola izan da ETB1en oinarrietako bat. Horrek publiko bat eman dio, baina beste publiko bat ere kendu dio, agian. ETB1en bokazioak telebista generalista izatea behar du. Euskarazko telebistari prestigioa eman behar zaio, bide batez. 

Ikuspuntu multimedia batetik garatzen ez diren produktuek etorkizunik ez dutela aurreikusten duzue. Zer esan nahi du horrek? 

Telebistak ezin du bere kabuz funtzionatu. Bere burua elikatu behar du Internetetik ere. Euskarari dagokionez, sinergiak ongi nabaritu behar dira. ETB1ek Internetekin lotura berezia izan behar du. 20-30 urte bitarteko ikusleengana heldu behar dugu. 

Arratsaldero magazine berriak ba al du ikuspuntu hori? 

Bai, asmo hori badu, eta gero eta gehiago landu beharko du. Arratsalde osoan euskal ikusleak badu jada zuzeneko saio bat. Aurrerapauso handi bat da Arratsaldero ETB1entzat.

 

URTZI URKIZU - BERRIA 2010.10.31

http://paperekoa.berria.info/agenda/2010-10-31/029/005/etb1eko_albistegiek_ezaugarri_propioak_izan_behar_dituzte.htm