Hemen zaude

ETB1 katea berdiseinatuz

Euskarazko kateak azken urteotan ikusle datuetan izan duen «gainbehera nabarmena» aintzat hartuta, EITBko talde batek txosten bat osatu du ETB1en etorkizunaz hausnartzeko.

«Duela 30 urteko eredua aldatzen hasi beharra dago, zaharkitua geratu delako eta, ondorioz, ez dielako erantzuten XXI. mendearen hasierako euskal gizartearen beharrizanei». Baieztapen hori jasotzen da ETB1en etorkizunaren inguruko hausnarketa abiatzeko txostenean. ETB1 berdiseinatzeko asmoz, lan talde bat osatu zuten EITBn, eta, Joseba Arruti EITBko euskara arduradunak gidatuta, Rosa Diez Urrestarazu, Oihan Vega, Ander Arzak, Asier Sanchez, Jokin Agirregoikoa eta Pello Salaberria aritu dira txostena lantzen. Herenegun EITBko administrazio kontseiluan aurkeztu zuen Arrutik txostena. Eztabaidak datozen hilabeteetan jarraituko du, eta, horretan, euskararen alorreko hainbat profesionalek, erakundek eta euskal ikus-entzunezko industriaren ordezkarik parte hartuko dute.

Txostenaren sarreran, ETB1ek azken urteotan ikusle kopuruan «oso modu nabarmenean» gain behera egin duela jaso dute, «eta, ondorioz, euskal gizartean hedabide legez duen eraginean». 2003. urtean %6,2ko batez besteko kuota izan zuen euskarazko kateak, eta ordutik behera egin du, nabarmen. Denboraldi honetan ere dezente egin du behera: denboraldia irailean %3,3arekin hasi zuen, eta ekainean %1,8ra jaitsi da. Datu hori da Sofresek ETB1 kateari inoiz eman dion txikiena. Azkenaldian, zenbait egunetan ETB3k bikoiztu egiten du ETB1en ikusle kuota. Ekainean ETB3k %0,7ko kuota izan du, eta ETB2k, %8,8koa (iazko ekainean baino 4,6 puntu gutxiago).

Kirolen eta marrazkien menpe

Txostenean, gogorarazi dute ETB1eko programazioa bi zutabe nagusiren gainean garatu izan dutela urteen joan-etorrian: umeentzako saioen eta kirol gertakarien gainean. «Lehenengoak ETB3ra pasatzeak eta kirolen kasuan Lehen Mailako futbol partidak emateko aukera galdu izanak krisi larrian jarri dute eredu hori». Prozesu hori «bizitu» egingo da, beharbada, ETB4 kirol edukiz hornitzen badute. Gainera, «baliabideak murriztu egingo dira datozen urteotan, eta horrek ahalegin berezi bat eskatuko dio EITBri telebistako lehen katea biziberritzeko lanean».

Testuinguruaren azterketa egitean, txosteneko egileek diote ETB1 bere jatorrizko lekua galtzen joan dela ETB2 sortu zenetik. «ETB1eko albistegiak ETB2koen menpeko bihurtu dira. Lehentasuna bigarren kateko albistegiek dute, eta horien mesedetan lantzen dira edukiak». ETB1 kate «generalista estandarra bihurtzeko» garaia heldu dela uste dute txostengileek. Horrez gain, «kalitatea eta lehiakortasuna izan behar dira 2010eko ETB1en ezaugarri nagusiak».

Proposamenak edukietan

Euskarazko telebistaren eskaintzan dagoen «zati ona indartu» behar dela diote txostenean, eta Mihiluze-ren adibidea adierazgarritzat jotzen dute. Dena den, «aukera generalistari eraginkortasunez erantzun nahi bazaio, ETB1en ikusleen profila aldatu beharra dago». Umeen eta 55 urtetik gorakoen artean dagoen esparru zabala irabazteari garrantzi handia ematen diote. Hartu beharreko erabakien artean, ETB1ek «programa edo/eta edukien arduradun propioa izan beharko luke». «Azken urteotan kate biak osagarri bihurtu nahi izan dira nolabait, ETB1en kaltean».

ETB1ek kirolari gehiegi lotutako irudia dauka. Horri begira, «ez zaio kirola emateari utzi behar ETB1en, baina ondo aukeratu behar dira edukiak, eta benetan kalitate handikoak direnak baino ez dira eskaini behar».

Haurrentzako saioek egun ETB3n dute lekua -udan 22:30 arte zabalduko dute haur programazioa-. «Baina interes handikoak eta estrategikoak izan daitezkeen umeentzako zenbait produktuk euren txokoa izan behar dute aurrerantzean ere ETB1en». Hortik aurrera, «erreferentziazko produktuetan jarri behar dira baliabideak: fikziozko saioetan eta zuzenekoetan, esaterako».

«Marka saldu behar da, eta lerro editoriala indartu», dio txostenak. Albistegietan, adibidez, egungo dinamika haustea proposatzen dute. Adibidez, «astegunetako gauetan euskarazko kateak bide berriak jorratzen hasi beharko luke, modu esperimentalean izan arren». ETB1entzat propio diseinatutako albistegi berriak lantzeko eskatzen dute. «Euskarazkoak bere eredu eta agenda propioa landu behar du, mimetismoetatik alde eginez».

Zinemari dagokionez, bikoiztutako filmak azpidatziak dituzten jatorrizko bertsioekin konbinatzea eta kalitatezko zinema komikoa berreskuratzea proposatzen dute.

Ikuspuntu multimedia batetik sortu eta garatzen ez diren produktuek telebistan ez dutela etorkizunik aurreikusten dute, halaber, txostenaren egileek. «Zenbait saiotan ezinbestekoa litzateke aurkezleak programa hasi aurretik eta amaitu ondoren Interneteko euren blogetan azaltzea eta ikusleekin harreman interaktiboa izatea».

Datozen hilabeteetan «eztabaida parte-hartzailea» bultzatu behar dela diote, «neurriak hartzen hasteari uko egin gabe».

Arratsaldean lauzpabost orduko magazine bat egingo dute

Alberto Suriok EITBko administrazio kontseiluan azaldu duenez, ETB1ek datorren denboraldian lauzpabost orduko magazine bat emango du arratsaldean. «Zerbitzu publikoko» saioa izango da, eta bere baitan albisteak, egun-eguneko gaiak eta entretenimendua eskainiko ditu. ETBko lehen kateari bultzada emateko egiten ari den eztabaidaren neurrietako bat izango da saioa. Magazinea astelehenetik ostiralera emango dute. Datozen egunetan jakingo da zein ekoiztetxek egingo duen.

Urtzi Urkizu - BERRIA 2010.07.02