Hemen zaude

Auzo-lotsa «Plato 2.0» saioan

Auzo-lotsa sentitu nuen, bai, batzuek, argudiorik ezean, gezurra erabiltzeko arazorik ez dutela ikusita, ez baita egia ezker abertzalearen eta EAren arteko akordioak ezkerreko ikuspegia baztertu duela

Pasa den asteleheneko «Plato 2.0» ETBko saioa amaitutakoan ekin diot lerro hauek idazteari, bertan esandakoak entzunda sentitu dudan auzo-lotsak bultzatuta. Lehenik eta behin, kazetari bezala sentitu dudan auzo-lotsa. Hor zeuden, ETBk gonbidatuta, EAJ, PSE, PP, Aralar eta UPyDko ordezkariak, bezperan Bilboko Euskalduna Jauregian EAk eta ezker abertzaleak sinatutako akordio estrategikoaren inguruko gogoeta interesatuak eta alderdikoiak egiteko prest.

EAk eta ezker abertzaleak, ordea, ez zuten eztabaidan parte hartzeko ETBren gonbidapenik jaso. Kazetaritza ulertu eta egiteko modu bitxia benetan! Akordioaren nondik norakoak, zergatiak eta helburuak azaldu eta balizko zalantzak argitu ahal izateko, horren protagonistak gonbidatu beharrean, Surio jaunaren ETBk irainak eta gezurrak argudio politiko gisa erabili nahi izan zituztenei bozgorailua eskaini nahiago izan zuen. ETBren lelo berria agian: Desinformazioa helburu. Telebista egiteko Intereconomia kanalaren eredua ekarri zidan gogora une batez: guztiak ez dagoenaren kontra, ea nork botatzen duen handiena, irainduari defentsa eskubidea ukatuz.

Kazetari bezala ez ezik, independentista bezala ere auzo-lotsa sentitu nuen, hala ere. Euskal estatuaren beharra aldarrikatzen dugunok erasoak baino ezin ditugu espero PSEren eta PPren aldetik, baina tristea da benetan EAk eta ezker abertzaleak adostutakoak abertzale batzuen artean eragin duen erreakzioa ikustea. Beldurra akaso? Txiringitoren bat edo beste arriskuan ikusi, beharbada? Euskal Herria bakean garatuko den ziklo politiko berri batean sartzen ari den honetan, ezinbestekoa da abertzale guztiok, salbuespenik gabe, euskal gizartearen onura lehenestea eta interes alderdikoiak alde batera uztea. Antza denez, batzuek badute oraindik zer ikasi.

Auzo-lotsa sentitu nuen, bai, ETBk gonbidatutako abertzaleek ere PSE eta PPrekin bat egin eta independentisten arteko akordio estrategikoa gutxiesten saiatzen zirela ikustean, haien ustez, hitzarmen horrek inolako baliorik ez duelako. Zenbat aldiz esan dugu abertzaleok bat egin behar dugula, PSEk eta PPk egiten duten bezala? Hori egin ezean, jai dugula? Behar horri erantzun egokia eman diote ezker abertzaleak eta EAk, eta ilusioa piztu dute euskal Estatua eraiki nahi dugunon artean, ezker abertzaleari edo EAri bozkatu ala ez. Oso oker dabil Aintzane Ezenarro ezker abertzaleko militanteen artean etsipena ikusten duela esaten duenean. Ez da hori, kontrakoa baizik, Euskalduna Jauregian ikusi nuena. Interneteko foroetan sartzea nahikoa da independentismo osoan, ez EAn eta ezker abertzalean bakarrik, hedatzen ari den ilusioaz ohartzeko.

Auzo-lotsa sentitu nuen, bai, batzuek, argudiorik ezean, gezurra erabiltzeko arazorik ez dutela ikusita, ez baita egia ezker abertzalearen eta EAren arteko akordioak ezkerreko ikuspegia baztertu duela. Berriz ere irakur dezatela agiriaren lehenengo parrafoa: «Indarrak batzeko unea da, Euskal Herria independente, aurrerakoi eta ezkertiar baterantz egin beharreko prozesuan fase berria irekiz».

Gezurrak gezur, ez da egia ere akordioak bide soilik demokratikoen eta baketsuen aldeko behin betiko konpromisoa helburu politikoak lortzearen menpe kokatzen duela. Giza eskubide guztiekiko errespetua eta Mitchell Printzipioak hitzarmenaren oinarrian daude, eta horrek ezaugarrituko ditu ezinbestean hemendik aurrera eman beharreko urrats guztiak, horixe baita independentistok exijitzen ari garena, politikari profesional batzuek bide hasiera honetan auzo-lotsa sentiarazten diguten arren.

Carlos Dronda - Kazetaria eta independentista
GARA 2010.06.24