Gogoratu duela aste batzuk Madrilgo Entzutegi Nagusiak ETBko sindikatuok jarritako helegitea ontzat hartuz 2010eko murrizketak konstituzioaren kontrako ekinbidetzat jo eta azken erabakia Auzitegi Konstituzionalaren esku utzi zuela. Bestetik ere, erabaki hau soilik ETBko langileei eragiten diela, eta EITB, EI eta EITBNETekoek aukera juridikorik gabe gelditu zirela estrategia juridiko ezberdinak direla medio (sozietate bakoitzean batzordean ordezkari gehien dituen sindikatuak bideratzen ditu gaiak).
Hori dela eta, LABek berehala iragarri zuen bere esku dagoen guztia egingo duela murrizketa edo diru-lapurketa EITBko langile guztiei eta lehenbailehen itzultzeko, bide guztiak erabiliz (mobilizazioak, epaitegiak, instituzionalak...). Hala, Administrazio Kontseiluan LABek duen ordezkariak dagoeneko egin zuen eskaria, eta EHBILDU talde parlamentarioak Legez Besteko Proposamena aurkeztu zuen. Hain zuzen, 2010eko %5aren murrizketa EITBko langile guztioi itzultzeko eskatzen da proposamenean. EAJk eta PSEk osotasunari ekarpen bana aurkeztu zuten, erabakia “segurtasun juridikoa” delakoaren menpe uzten zutena.
Bada, asteazkenean eman zen parlamentuan eztabaida, eta EHBILDUk egindako proposamena ez zen aurrera atera, beste inoren babesik jaso ez zuelako. Hori dela eta, EITBko LABek zera adierazi nahi du:
-
Ez dugula onartzen “segurtasun juridikoa” delakoaren printzipioaren aitzakia. Jaurlaritzak lapurtutakoa itzultzeko baimena eman ezkero, ez dugu ikusten non egon daitekeen arazoa. Are gehiago, gure izaera beretsua duen MetroBilbaon 2010ean ez zen murrizketa eman, langileek murrizketa hura gabe kobratzen jarraitu dute, eta ez da inongo arazo legalik egon.
-
Lotsa ematen digu EAJk konponbidea bere esku edukita ere, lan harremanak arautzeko eskumena Jaurlaritzarena ez dela berrestu zain gelditzea, arazoa Euskal Herrian konpon daitekeenean.
-
Lotsa ematen digu ere PSEren demagogia, bera izan baitzen 2010eko murrizketa EITBri ezarri ziena, Zapaterok espresuki ez zigula eragiten agindu zuelarik, eta orain joko dialektikoaren bidez “oinarrizko legea betetzen bada, dirua itzultzeko” eskatzea.
Garbi dago bai EAJk zein PSEk lehenesten dutela bankuekin eta AHTren inguruko enpresekin duten zor ilegitimoa, bere langileekin dutena baino. “Segurtasun juridikoa” ez da gakoa. Esan bezala, lorpenak ez dira zerutik eroriko eta LABek lanean eta borrokan jarraituko du lapurtutako guztia, guztioi, itzuli arte.