Hemen zaude

EITBren “NEW STYLE”: Arlo Publikoarekin lagunkeria eta prekarietatea batetik, kontrola eta kontrol falta bestetik.

Hauxe da LABek ondorioztatzen duena jaso duen hainbat informazio aztertu ondoren. EITBko zuzendaritzak baliabide publikoak erabiltzen egon daiteke, era alderdikoi eta –alderdi horren izaeraren ildotik- neoliberal batetan. Hainbat enpresa sortu ditu kapitalaren %50a publikoa dutenak, EITBrentzat lanak egiteko. Horrela hainbat helburu bete ditzake:

Ekimen pribatu batzuk diru publikoarekin hornitzea.

Kontrol publikoari ihes egitea, bai EITBko Administrazio Kontseiluari, Gasteizko Parlamentuko EITBren kontrolerako batzordeari zein Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ere.

Administrazio Kontseiluetan parte hartuz, zuzendari batzuen soldata publikoez gaindiko gainsariak lortzeko, dieten bidez. Jakina, ezin da kuantifikatu, hain zuzen ere aipatu kontol publikotik salbu daudelako.

Komunikazio enpresa horien kontrola bermatzea, nahiz eta kapitalaren erdia “bakarrik” publikoa bada ere. Administrazio Kontseiluen kontrola mantentzen da, EITBko kideen proportzioagatik edota lehendakariaren kalitatezko bozkaren bitartez, gutxienez.

1 Enpresa publikoen langileen betebehar eta eskubideak saihesteko.

“Auto-azpikontrata” instrumentalak sortzen dira, izan ere enpresa horiek EITBrentzat lan egiten dute, eta instalazio berdinetan ari dira (VILAU-MBN-M4F) edota arituko dira laster batetan (EXPRESSIVE).

VILAU-MBN-M4F haria: 2003an EITBNET sortu zen, Internet zerbitzuak EITBri zein Eusko Jaurlaritzari eskaintzeko. Ia egiturarik gabe sortu zen, EITBko langile batzuk exzedentzian zeudenak burutzak hartuz. Gainontzeko langile guztiak (50-60) sortu berri zen VILAU enpresakoak izan ziren. “Kasualitatez” VILAU enpresako zuzendaria Javier Calera zen, EITBNETeko zuzendaria ere batera hainbat hilabetez. Parlamentuari emandako erantzun batetan (2006/7/5), bi enpresetako kontratua “lanaldi partzialekoa” zuela onartu zuen EITBk. Zuzendari batentzako oso egoera ARRAROA da –noiz negoziatzen ote du bere buruarekin-, eta are arraroagoa, bere burua azpikontratatzen baldin badu. Erantzunkizun PENALAK ere egon daitezke. “Kasualitatez” gaia parlamentu batzordean lantzen hasi eta kontrata aldatu egin zen bat-batean. Lehenagotik existitzen zen MBN enpresak hartu zituen VILAUko langile gehienak. Egoera 2008an “egonkortu” ahal izan da, EITBk beste enpresa bat sortu duenean bere burua azpi-kontratatzeko, M4F. MBNko langile gehienak horra pasatzen dira, ez guztiak ordea.

EXPRESSIVE haria: Publizitatea zuzenean EITB Erakunde Publikoko talde batek kudeatzen zuen, eta burua Itziar Epalza zen. PRISA taldeak kudeatzen zuen GDM (Gerencia De Medios) enpresa madrildarrarekin hitzarmena egin, eta publizitatearen kudeaketa kanporatu egin zen, baina arduradun berdinarekin, exzedentzian egonda. “Kasualitatez” ere, 2008an enpresa berri bat sortzen da, kasualitatez soilik kapitalaren %50a publikoa duena, eta administrazio kontseiluaren kontrola EITBren esku geldituko zena: EXPRESSIVE MEDIA.

LANGILEEN EGOERA Nahasketa honek ez ditu soilik zuzendariei eragiten. Langileak ere oso “zikinduta” daude operazio honen guztiarekin. Baina hau da benetako zikinkeri beltza, pairatu beharreko egoera zikin baten ondorioa. Aipatzekoa EITBNET, enpresa berria izanda –EITBren estilo berrikoa ere-, ia egiturarik ez duela (20 bat langile), langile batzorderik ez, lan hitzarmenik ez, eta langile gehienak (%80a edo) kontratetakoak. Kontrata horietan ematen den langileen prekarietatea eta kontrolaren zantzu batzuk dira hauek: Egoerarik onenean, EITBko kontratu zuzena eduki ezkero, 1.000€ko kontratua eskeintzen zaio erredaktore lana egiteagatik. EITBko edozein kazetariren erdia. Bestela, ez lan hitzarmenik, edota –ordutegiengatik edo txandengatik- inondik ere egokitu ezin daitekeen bulegoetako lan hitzarmen bat erakusten zaie langileei, baina ezta hori ere ez zaie bermatzen. Euren lanarekin zerikusirik ez duen kontratu mota egiten zaie: informatika operadore, www.eitb.com hornitzeko informazioa lantzen duen kazetari lana egiteko. MBN enpresari kontratua eten eta M4Fri berria egiteko garaian hainbat langile kanpoan gelditu zen. “Kasualitatez” egokitu omen zieten lan hitzarmen ezegoki haren hainbat eskubide aldarrikatzen aritu zirenak -hitzarmena egokitu ezinaz gain, orain eska ezina ere-. Zera iradoki zitzaien aldez aurretik, «lanean jendea gustura egotea nahi zutela, eta ez bazeuden, kanpoan zerbait egokiago bilatu zezaketela». EITBNETek jarritako aitzakia hurrengo kontratazioan langile guztientzako lekurik ez zutena edukiko izan bazen ere, kalean gelditu ziren lau langileren ordez beste sei kontratatu izan ziren. Kaleratzeko aitzakia hau izan zen, hurrengo enpresan ez zela laurentzako lanik egongo. Ba lau horien ordez beste sei langile kontratatu ziren. Beste lau langileri, “ohartarazpen gisa” soilik sei hilabeteko kontratua egiten zaie.

EXPRESSIVEn ere antzekoa gertatu da. Eskubide xumeren bat eskatzen egondako langile bat kalean jarri izan da. Publizitate enpresaren aitzakia gezurtia “helburuetara iritsi ez izana” jarri du enpresak, ia helburuak bete dituen langile bakarra izan denean. Gerora jakin izan du langile horrek hauteskunde sindikalak sustatu nahi izateagatik izan dela kaleratua, eta aurretik jasan izandako lan jazarpenak kutsu politiko handia izan duela.

Korapilo hau ulertzea ez da erreza, eta askatzea are zailagoa. Oraindik gehiago nahas daitekeenaren zantzuren bat ere jaso du LABek, hots, antzerako izaerako enpresa berriren bat sor daitekeena. Halere kontutan eduki behar da agian dagoeneko enpresaren batetan aldaketarik eman zitekeela. Ez legoke gaizki hari hauetatik tira egiten jarraitzeko kazetari lana egitea, eta horretara gonbidatzen -erronka egiten- zaituztegu kazetarioi.

Bitartean, hauxe da EITB’s NEW STYLE “new-liberal” horren inguruan aurreratu dezakeguna. Youtube-n iaz azaldu zen bideoan -40.000 euroko “inbertsioa”- ondo adierazten da bertan agertzen diren zuzendaritza-izar-dantzarien irizpidea, gero eta toki gehiagoetan nozitzen den estiloa: «lan egin ezazu irribarrez, bestela kanpoan beste aukerarik bilatzera gonbidatzen zaitugu».

EranskinaTamaina
PDF icon EITB KONTRATEN TXOSTENA.pdf302.61 KB
Etiketa: